XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARA IKASTEA IRAKASKUNTZA ERTAINETAN KARMELO BASOREDO (Irakaslea. LAB)

Aukera-berdintasun erabatekoa zor zaio ikasle orori, hizkuntza dela eta inongo diskriminaziorik gabea.

Baina praktikan ustezko eskubideak ez dira sarri askotan betetzen.

Hasiera batean, L. H.-n A eredua zeharo sendotuta dago, espezialitate-mota guztietan, D eredua, berriz, ikastetxe gutxian eta arlo bakan batzutan bakarrik dugun bitartean.

Orokorragoak diren lehenengo mailetan euskal irakaskuntza posiblea bada ere, oso bestelakoa da egoera ikasleak espezialitateen arabera ikastetxe desberdinetan sakabanatu behar direnean.

Ohizko afera da BBB-n, aukeratutako espezialitatea euskaraz ez ematea ikaslea dagoen institutuan.

Edo ikasketa-plangintzarik kenduta izatea, zortzi edo hamarretara heltzen ez delako eskaera kopurua.

Eragozpen hauek baino izango ez balira, agian konponbiderik legoke.

Askoz gehiago dira baina, laster ikusiko dugunez.

Denborak iragan ahala somatzen da D eredua, gaztelaniazko hizkuntza eta literaturaz aparte euskara hutsezkoa, B eredu antzeko zerbaitera doala bilakatzen (%50 hizkuntza bakoitzean) zenbait egoera bitxiren kariaz, hots: a) ingeles irakasleei ez zaie eskatzen euskarazko titulurik.

b) gimnasia edo latina bezalako beste zenbait espezialitatetako irakasleek, adibide bat jartzearren, gaztelaniaz ematen dituzte beren klaseak D ereduan, bai funtzionari-eskubideak, bai kurtso batzutako barne-akordioak direla eta.

c) ikasgai gehienetan, guztietan ez esateko, larri baino larriagoa da textu-liburu eta materiale didaktikoaren eskasia, askotan gaztelaniazkora jo behar delarik.

Eta beste hamaika kasu gehiago, Ikuskaritza Teknikoak baztertuak edo ahaztuak, zeintzuk arau bihurtu ez badira, bai ordea ohitura, ustez erabateko euskalduna izan beharko lukeen D eredu gero eta baliogabetuagoan.

Errez baino errezago eskualdeen arabera kausi ditzakegu legeztaturikoa baino asignatura bat edo bi gehiago erdaraz estudiatzen dituzten ikasle-taldeak.

Gerora begira, eta sistemaren zenbait teknikari eta politikariren ustearen kontra, perspektiba txarragoak espero ditzakegu, aurrean ikusiko dugunez.

Azken ikasturteotan B ereduan eskolarizatutako O.H.O.-ko ikasleen gorakada izan dugu.

Ezin ziurta daiteke euskara arloan gaitasun minimorik dutenik.

Zer egin orduan? Hainbat eta hainbat urtetan zehar egindako ahaleginak alferrik galdu? Euskaraz trebeagoak diren D eredukoekin besterik gabe nahastu, irakaskuntzaren arazo guztiei beste zenbait gehituz?.

Hauexek dira ikuspegi labur eta trauskileko politikaren ondorioak, badaezpadako politikariek, marketing-teknikariak besterik ez errealitatean, duten perspektiba murriztuak eragina, eta gastu publikoa murriztu beharraren mamuak ikaratua, euskararen normalizazioaz inolako interesik gabea.

Korapilo horren irtenbideak, aldiz, ez dira errezak.

Guztien eskubideak funtzionarienak lehenengoz errespetatu nahia euskal kulturaren aurkako politikarekin nahastea, izurra izurtzea da gutxi gora behera.

Badugu, alabaina, esperantzarik oraindik: politika orokorreko arazo handietan muturra sartu gabe ere, aipa dezagun lehenik eta bat, euskararen aldeko militantzia-senaren berreskuraketa irakaslego euskaldunaren aldetik, eskubide laboral eta ideologia desberdinentzat errespetu osoz, duela zenbait urte sektore askotan suertatu zen bezalaxe.

Bigarrenik eta bi, D ereduaren aldeko bultzada osoa eta salbuespenik gabea, ehuneko ehunera heldu arte, nahiz eta hizkuntza eta literatura gaztelaniako orduak mantendu D eta B ereduetan, nahiz ikasle-talde homogeneoagoak egin lehen izandako hizkuntz-ereduen arabera.

Epe ertainera begira, O.H.O.-n B ereduaren desagerpena, familia erdaldunetako ikasleentzako egokitze-prozesua ezarrita, eskolaurrean hasitako murgilpen-sistimaren bidez.

Eta azkenez, O.H.O.ko B eredutik etorritako ikasleentzako talde-banaketa homogeneoagoa, D ereduko planteamendu orokorrean baina hizkuntza arloko indartze-programarekin, mintzamen eta ulermenaren garapena, hala-nola euskara ikasbide gisako erabilpen egokiari zuzendua.

Behar beharrezko dena, euskararen aldeko diskriminazio positiboa baino ez da, beste zenbait sektore baztertuak edo minoritarioetan bezalaxe.